Ateratze Akordioaren berrespen prozedura

Europar Batasunaren Tratatuaren 50. artikuluan aurreikusitako berrespen-prozedurak eskatzen du, behin 50. artikuluko Europar Kontseiluak babestu ondoren, eta indarrean sartu aurretik, Ateratze-akordioa EBk eta Erresuma Batuak berretsi behar dutela.

Horrek esan nahi du EBko Kontseiluak baimena eman behar duela Ateratze-akordioa sinatzeko, Europako Parlamentura bidali aurretik, hark oniritzia eman dezan.

Aldi berean, Erresuma Batuak bere konstituzio-xedapenen arabera berretsi behar du Akordioa; kasu honi Erresuma Batuko Parlamentuaren onespena dagokio.

2018ko azaroaren 25ean, ez ohiko Europar Kontseiluak (50. artikulua) aho batez berretsi zuen Erresuma Batua EBtik Ateratzeko akordioa, eta Adierazpen politikoa onartu zuen, Europar Batasunaren eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuaren arteko etorkizuneko harremanen esparrua azaltzen duena.

Erresuma Batuko Parlamentuari dagokionez, badakigu zailtasunak izan dituela Ateratze-akordioa 2019an berresteko; behin baino gehiagotan bozkatu da testua, baina berrespena ez da lortu.

Horregatik, martxoan eta apirilean, ez ohiko Europar Kontseiluak (EBTren 50. artikulua) bitan luzatu zuen Erresuma Batua irteteko epea, eta azken luzapena 2019.10.31ra arte eman zitzaion.

Erresuma Batuko blokeo egoera iraunkorraren aurrean, eta urriaren 31 hurbil zegoela ikusita, hilabete horretako lehen hamabostaldian, EBk Ateratzeko Akordioaren eta Adierazpen Politikoaren edukietako batzuk berriz negoziatzeko eskatu zion Boris Johnson Lehen ministroari, batez ere Irlandari eta Ipar Irlandari buruzko Protokoloari buruzko zatia, eta, bereziki, muga gogor bat Irlandako uhartera itzultzea saihesteko ezarritako larrialdi-mekanismoa.

Horren ondorioz, 2019ko urriaren 17an, Erresuma Batuko eta EBko negoziazio taldeak, Boris Johnson eta Donald Tusk buru zituztela, Ateratze akordio berri batera iritsi ziren.

Egun berean egindako ez ohiko Europar Kontseiluaren bilkuran (EBTren 50. artikulua), EBk Ateratze-akordio berria eta Adierazpen Politikoa berretsi zituen.

Erresuma Batuari dagokionez, 2019ko urriaren 19an Komunen Ganberak ezohiko bilera bat egin zuen, eta bertan egiaztatu zen, beste behin ere, ezin zela Ateratzeko akordio hori berretsi, nahiz eta aldatu. Hori dela eta, Erresuma Batuak beste luzapen bat eskatu zuen, 2020ko urtarrilaren 31ra arte, Ateratzeko akordioa onartzeko.

Ezohiko Europar Kontseiluak (EBTren 50. artikulua) aho batez onartu zuen luzapen hori 2019ko urriaren 28an.

2019ko abenduaren 12an Erresuma Batuko Parlamenturako hauteskundeak egin ziren, eta Boris Johnson Lehen ministroa buru zuen Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa lortu zuen.

Erresuma Batuko Parlamentu berria eratu ondoren, Ateratze Akordioa berretsi egin zen, ezustekorik gabe eta aldeko 358 botorekin eta aurkako 234 botorekin, 2019ko abenduaren 20an.

Erresuma Batua 2020ko urtarrilaren 31n ateratzea espero da, eta, une horretan, 2020ko abenduaren 31n amaituko den aldi iragankor bati ekingo zaio.

2020ko urtarrilaren 31tik aurrera, Erresuma Batuaren eta EBren arteko negoziazioak hasiko dira, etorkizuneko harremanari buruzko akordio bat lortzeko, EBTak ezartzen duen bezala. Akordio hori lortzeko epea 2020ko abenduaren 31n amaituko da, betiere Erresuma Batuak ez badu eskatzen urtebetez luzatzea trantsizio-aldia; gaur egun oso litekeena ez da.

Berresteko prozeduraren dokumentu nagusiak:

Europar Kontseilua 50. Art (2019.03.21)

Europar Kontseilua 50. Art (2019.04.10)

Europar Kontseilua 50. Art (2019.10.17)

 

 

Azken aldaketako data: