Ateratze-Akordioa

2017ko abenduan Europar Kontseiluak emandako agindua jarraituz, eta ateratze prozeduraren atariko gaiak argitu ondoren, EBko Gai Orokorren Kontseiluak negoziazioen gidalerro gehigarriak onartu zituen 2018ko urtarrilaren 29ko bileran; hor zehaztu zen zein zen EB-27ren jarrera trantsizio aldiari buruz. Negoziazioen gidalerro hauek Europako Batzordea baimendu zuten, EBren negoziatzaile gisa, gai honi buruz Erresuma Batuarekin elkarrizketak hasi zitzan. EBren jarreraren arabera, trantsizio aldi honetan zehar ere EBren ondarea osorik aplikatu beharko litzateke Erresuma Batuan, estatu kidea balitz bezala. Hala ere, Erresuma Batua une horretan hirugarren herrialdea zenez, EBko erakunde eta erabakitze-prozesuetan parte hartzeari utziko zion.

2018ko otsaila eta urriaren artean, EBren eta Erresuma Batuaren izenean negoziatzeko izendaturiko taldeek hainbat negoziazio-erronda egin zituzten.

Esparru horretan, EBtik ateratzeko Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko akordio proiektua aurkeztu zuen Europako Batzordeak 2018ko otsailaren 28an. Akordio horrek termino juridikoetan eman zuen Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko Gobernuko negoziatzaileek 2017ko abenduan lehen faseari buruz adosturiko txosten bateratua. EBko jarreretan oinarrituta, bestalde, txosten bateratuan aipatutako beste zenbait gai ere aurkeztu zituen, artean adostasunik lortu ez bazuten ere gaiok. Azkenik, trantsizio aldiari buruzko testua jaso zuen, Batzordeak 2018ko urtarrilaren 29an onartutako negoziazioen gidalerro gehigarrietan oinarrituta.

Martxoaren 19an, Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko negoziatzaileek akordio partziala lortu zuten ateratze akordioari buruzko testuaren inguruan. Adostasuna lortu zuten hiritarren eskubideez, finantza likidazioaz, trantsizio aldiaz eta banantzearekin lotutako beste hainbat kontuz. Hala ere, egiaztatu zen beharrezkoa zela Irlanda eta Ipar-Irlanda arteko mugaren gaiaren inguruan akordioa bilatzen jarraitzea.

Bien bitartean, aldi honetan zehar, EBTko 50. artikuluak esleitu dion lana egiten jarraitu du Europar Kontseiluak; EBko negoziatzailea aholkatu du eta adi-adi behatu du negoziazio prozesua; nahikoa aurrerapen noiz egin diren zehaztu du; eta behar diren gidalerro nahiz jarraibideak onartu ditu:

  • Martxoaren 23an, jarraibide batzuk onartu zituen, Erresuma Batuak EB utzi ondoren, Europar Batasunak herrialde horrekin etorkizunean harremana izateko markoari buruz. Era berean, Europako Batzordeko negoziatzaile nagusiak, Michel Barnier-ek, Brexitaren inguruko negoziazioei buruzko azken berriak eman zizkien EB-27ko Estatu eta Gobernu buruei.
  • Ekainaren 29an, Brexitaren negoziazioei buruzko egoeraren balorazioa egin zuen eta lorturiko aurrerapenei buruzko zenbait ondorioak onartu zituen. Azpimarratu zuen artean adostu gabeko atal garrantzitsuak geratzen zirela, eta ardura adierazi zuen Irlanda eta Ipar-Irlanda arteko mugaren inguruan aurrerapauso nabarien faltari buruz.
  • Irailaren 20an, Estatu eta Gobernu buruen bilera informala izan zen Salzburgon. 27 estatu kideek batasuna berretsi zuten eta adostu zuten ez dela EBtik ateratzeko akordiorik egongo Irlandarako konponbide sendoa, eraginkorra eta juridikoki loteslea ez dagoen bitartean. Era berean, erabaki zuten etorkizuneko harremanei ahalik eta argitasun handiena emango dion adierazpen politiko bateratu bat egitea eta etorkizuneko negoziazioei buruzko egutegi bat eratzea.
  • Urriaren 17an berriz ere aztertu zuen elkarrizketen egoera, eta Michel Barnier EBko negoziatzaile nagusiarekiko konfiantza berretsi zuen. Egiaztatu zen ez zirela artean nahikoa aurrerapauso eman.

Negoziazio biziko hainbat asteren ondoren, azaroaren 14an Europako Batzordeko eta Erresuma Batuko negoziazio-taldeek adostasuna lortu zuten Ateratze Akordioaren testu osoaren inguruan, baita Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko etorkizuneko harremanari buruzko Adierazpen politikoaren proiektu baten inguruan ere.

Prozeduraren arabera, eta Europar Kontseiluaren babesa jaso ondoren (50. artikulua), berretsi egin behar dute Ateratze Akordioa Europar Batasunak eta Erresuma Batuak, akordio hori indarrean sartu aurretik.

Hori dela eta, azaroaren 25ean, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeari buruzko Akordioa berretsi zuen Europar Kontseiluak, eta Adierazpen Politikoa onartu zuen, EBek eta Erresuma Batuak etorkizunean izango dituzten harremanen esparrua erakusteko. Momentu horretatik aurrera, ateratze akordioaren berrespenerako prozedura hasi zen.

EBko Gai Orokorren Kontseiluaren bilera (50. Art) (2018.01.29)

Europar Kontseilua 50. Art (2018.03.23)

EBko Gai Orokorren Kontseiluaren bilera (50. Art) (2018.05.14)

Europar Kontseilua 50. Art (2018.06.29)

Salzburgoko Bilera Informala (2018.09.19-20)

Europar Kontseilua 50. Art (2018.10.17)

Europar Kontseilua 50. Art (2018.11.25)

Negoziazio-errondak (bigarren fasea)

 

 

 

 

 

 

Azken aldaketako data: