Eusko Jaurlaritzak Europako Mugako Eskualdeen Elkartearen (ARFE) Urteko Konferentzian parte hartu du. Topaketa urriaren 29tik 31ra egin da Carrickmacrossen, Irlandan, «Cross-Border Regions as Catalysts for Peace and Stability» (Mugako eskualdeak bakearen eta egonkortasunaren katalizatzaile) lelopean.
Topaketa Europar Batasuneko Kontseiluaren Irlandako Lehendakaritzari lotutako ekitaldi gisa aitortu dute, eta Europako erakundeetako, eskualdeetako gobernuetako eta mugaz gaindiko lankidetza-egituretako ordezkariak bildu ditu, Europako lurralde-lankidetzaren etorkizunaz eztabaidatzeko.
Konferentziaren barruan, Eusko Jaurlaritzak Europako Kohesio Politikaren etorkizunari buruzko mahai-inguruan parte hartu du, eta nabarmendu du mugaz gaindiko lankidetzak Europako politikaren zutabe estrategikoetako bat izaten jarraitu behar duela 2027tik aurrera ere.
Bere hitzaldian, defendatu du mugaz gaindiko lankidetzak finantzaketa-tresnetatik harago joan behar duela, eta Europako lehentasun politiko gisa sendotu. Ildo horretan, INTERREG bezalako programen balio erantsia azpimarratu du; izan ere, hamarkadetan lagundu dute erakundeen arteko konfiantza sortzen, aliantzak garatzen eta mugako lurraldeek partekatzen dituzten erronkei irtenbide zehatzak ematen.
Era berean, eskualdeetako eta estaturik gabeko nazioetako agintariek Europako politiken diseinuan eta gauzatzean benetan parte hartuko dutela bermatzearen garrantzia azpimarratu du. Hala, maila anitzeko gobernantza-eredua indartzearen alde egin du, lurralde bakoitzaren behar espezifikoei erantzun ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du, halaber, prozedurak sinplifikatu, finantzaketa-tresnei malgutasun eta aurreikusgarritasun handiagoa eman eta INTERREGen eta Europako politika sektorialen arteko lotura indartu behar dela, bereziki garraioaren, energiaren, ikerketaren, berrikuntzaren, enpleguaren, osasunaren eta trantsizio berde eta digitalaren arloetan.
Hitzaldian agerian geratu da mugako lurraldeak Europako integraziorako, berrikuntzarako eta garapen partekaturako benetako laborategi bihur daitezkeela, eta Europa kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta konektatuagoa eraikitzen lagundu dezaketela.
Euroeskualdeak Sail of Papenburg saria jaso du
Konferentziaren barruan, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak Sail of Papenburg saria jaso du. Sariak mugaz gaindiko lankidetzako ekimen eta proiektu onena dela aitortu dio, mugaz gaindiko enplegu-estrategiagatik.
Aitortza horrek balioa ematen dio hiru lurraldeek elkarrekin egindako lanari, mugaren bi aldeetan enplegua eskuratzea zailtzen duten oztopoak identifikatzeko eta gainditzeko. Lan horren bidez, mugaz gaindiko lan-merkatu integratuagoa sustatzen dute, herritarrentzat aukera gehiago eskainiko dituena.
Konferentzian parte hartzeak eta jasotako aitortzak berretsi egiten dute Eusko Jaurlaritzak Europako lurralde-lankidetzarekin duen konpromisoa, baita Euskadi irekia, konektatua eta Europaren eraikuntzarekin konprometitua bultzatzeko borondatea ere.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea






