MAKROESKUALDEA ETA KOHESIO-POLITIKA: Lehendakariak eskualdeek eta estaturik gabeko nazioek Makroeskualde Atlantikoan duten betekizuna eta Europako kohesio-politika sendoa defendatuko ditu Bruselan

Argitalpen-data: 

Imanol Pradales Lehendakariak Eskualdeen Europako Batzordearen Osoko Bilkuran parte hartuko du, eta bertan makroeskualde atlantikoaren estrategiarantz aurrera egiteko irizpena, Euskadiren gidaritzapean bultzatu dena, eztabaidatu eta bozkatuko da

Lehendakaria Raffaele Fittorekin, Europako Batzordeko Kohesio eta Erreformen lehendakariorde exekutiboarekin, eta Kata Tüttőrekin, Eskualdeen Europako Batzordearen presidentearekin, ere elkartuko da


Imanol Pradales Lehendakaria Bruselara joango da asteazken honetan, Euskadik Europan dituen lehentasunak ardatz izango dituen jardunaldi batean parte hartzeko. Bertan arreta berezia eskainiko zaie etorkizuneko Makroeskualde Atlantikoaren sustapenari, kohesio-politika sendoaren defentsari eta estaturik gabeko nazioek eta eskualdeek Europako politikak definitzean eta aplikatzean duten betekizuna aitortzeari.

Lehendakariak bere legegintzaldian zehar Bruselara egingo duen laugarren bidaia da, eta bere helburua da, berriro ere, Euskadik Europar Batasunaren bihotzean duen protagonismo politikoa indartzea. Horrela, 2024ko azaroan, 2025eko urtarrilean eta 2026ko martxoan egindako bidaiei Belgikako hiriburura orain egingo duen bidaia hau gehitzen zaie, Euskadin eragina duten erabakiak hartzen diren mahaietan Euskadiren ahotsa indartzeko eta, modu horretan, eragin handiagoa izateko Europan ere euskal gizartearen interesak eta eskubideak defendatu ahal izateko.

Asteazkeneko, urriaren 14ko, jardunaldiaren une nagusia Eskualdeen Europako Batzordearen (CdR) Osoko Bilkuran, Eskualdeen eta Hirien Europako Astearekin bat etorriz, egingo den Makroeskualde Atlantikoari buruzko irizpenaren aurkezpena eta bozketa izango da. Irizpen hori Euskadiren gidaritzapean landu da, eta bere helburua da Europako etorkizuneko estrategia garatzen laguntzea, lurralde atlantikoen arteko lankidetza indartzeko eta erronka partekatuei koordinatuta aurre egiteko.

Lehendakariak Europako jardunaldi horretan parte hartzeak garrantzi politiko handia du; izan ere, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta herritarren beharretatik hurbilagokoa den Europar Batasuna izateko Euskadiren konpromisoaren eta defentsaren barruan kokatzen da. Horrela, Imanol Pradalesek beti defendatu du estaturik gabeko nazioek eta eskualdeek betekizun eraginkorra izan behar dutela Europako erabakietan, batez ere ekonomiaren garapenean, berrikuntzan, energia-trantsizioan eta lurralde-kohesioan eragin zuzena duten politiketan.

Makroeskualde Atlantikoaren inguruan egindako lanaren bidez, Euskadik Europako lankidetza integratuagoa lortzen lagundu nahi du, lurraldeen arteko osagarritasunak aprobetxatzeko eta muga administratiboak gainditzen dituzten erronkei erantzun bateratuak eskaintzeko gai izango dena.

Ildo horretan, Bruselako bidaia horrek, beraz, mezu hori indartzeko eta Euskadik Europan duen etorkizunerako Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategikoetan aurrera egiteko aukera emango du.

Makroeskualde Atlantikokorako urrats erabakigarria

Etorkizuneko Makroeskualde Atlantikoa lehentasun estrategikoa da Euskadirentzat eta Europako fatxada atlantikoko lurraldeentzat. Ekimenaren helburua da industria-lehiakortasuna, konektibitatea, energia-trantsizioa, berrikuntza eta klima-aldaketara egokitzea bezalako arloetan aukerak eta desafioak partekatzen dituzten eskualdeen arteko lankidetza indartzea.

Europako Kontseiluak 2025eko abenduan gonbidatu zuen Europako Batzordea Atlantikorako makroeskualde-estrategia bat lantzera 2027ko ekaina baino lehen, egungo Itsas Estrategia Atlantikoa eta haren Ekintza Plana kontuan hartuta.

Testuinguru horretan, irizpenak –bozkatuko denak– lankidetza integratuko esparru bat definitzen lagundu nahi du, itsas dimentsioa guztiz txertatuta eta maila anitzeko gobernantzarekin, estaturik gabeko nazioek, eskualdeek eta tokiko agintariek, estatu kideekin eta Europako erakundeekin batera, benetan parte hartuko dutela bermatzeko.

Euskadik defendatzen du etorkizuneko estrategia lurraldeetatik eraikitzea, eskualde atlantikoek metatutako esperientzia eta unibertsitateekin, merkataritza-ganberekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin dagoen lankidetza aprobetxatuz.

Irizpena onartzeak azken urteetan egindako lanari babes instituzionala ematea eta prozesuaren hurrengo faseari bultzada ematea ekarriko luke, eskualdeek betekizun aktiboa izan dezaten estrategiaren diseinuan eta estrategia martxan jartzean eta etorkizuneko gobernantzan.

Bi bilera garrantzitsu

Lehendakariaren agendari hasiera emateko, bilera bat egingo du Raffaele Fittorekin, Europako Batzordeko Kohesio eta Erreformen lehendakariorde exekutiboarekin.

Topaketa horretan kohesio-politika jorratuko ahal izango da 2028-2034 aldirako Urte Anitzeko Europar Batasunaren Finantza Esparruan, bai eta etorkizuneko Europako politiken konfigurazioan lurralde dimentsio eraginkorra zaintzeko beharra ere.

Euskadik kohesio-politika sendoa defendatuko du, lurralde bakoitzaren beharretara eta potentzialtasunetara egokitua eta eskualdeko agintariek programak diseinatzean, gauzatzean eta ebaluatzean modu eraginkorrean parte hartzean oinarrituta.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen artean dago berariazko eskualde-kapituluak aitortzea, finantzaketa propioarekin, nazioen eta eskualdeen etorkizuneko lankidetza-planen barruan. Euskadik, halaber, betekizun zuzena izan nahi du bere eskualde-kapitulua Europako Batzordearekin negoziatzean, bere autogobernu-mailaren eta eskumenen arabera.

Lehendakariak, halaber, etorkizuneko Makroeskualde Atlantikoa eskualdeen arteko lankidetzarako Europako tresnekin lotzearen garrantzia azalduko du, helburuak eta lehentasunak lurraldeentzako proiektu zehatz bihur daitezen.

Jardunaldiaren barruan bilera bat egingo da Kata Tüttőrekin, Eskualdeen Europako Batzordearen presidentearekin, ere, eta Imanol Pradalesek hiriek eta eskualdeek Europa eraikitzen duten betekizunaz eta ekimen atlantikoaren aurrerapenaz hitz egingo du harekin. Topaketak lurralde atlantikoek egindako lana eta Eskualdeen Europako Batzordeak tokiko eta eskualdeetako agintarien ordezkaritza instituzionalerako espazio gisa duen betekizuna balioesteko balioko du.

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea