I+G+I ETA ETE-ENTZAKO EUROPAKO FINANTZAKETA. EEN Basquek, Europako enpresa-sarearen (EEN, Enterprise Europe Network) euskal nodoak, non parte hartzen duen industria sustatzeko SPRI talde publikoak, Dublinen aurkeztu du urjauzi moduko finantzaketa euskal ETEengana hurbiltzeko ekimena.

Argitalpen-data: 

EBk babestutako modalitate horrek ETEek Europako finantzaketa-aukerak eskuratzea errazten du, berrikuntza-proiektuak garatzeko, Europako proiektuetan parte hartzen duten Euskadiko erakundeekin lankidetzan.

Azaroaren 11tik 13ra Dublinen egindako Enterprise Europe Network sarearen Annual Conference konferentzian, Susana Larreak, EEN Basqueko koordinatzaileak, euskal nodoak ETEek eta startupek kaskadako finantzaketa eskuratzeko aukerak hobetzeko bultzatutako eredua aurkeztu zuen.

Aurkezpena «Smart EEN services. Quick wins for SME impact» saioan egin zen. Saio horren helburua zen ETEei berritzen, hazten eta merkatu berrietara azkarrago eta errazago iristen laguntzen dieten tresnak erakustea. Kaskadako finantzaketarekin batera, Berrikuntzako Erosketa Publikoa eta inbertitzaileak erakartzeari begira enpresen heldutasun-maila ebaluatzeko tresna bat jorratu ziren. Saioan ETEetan eragin azkarra duten arrakasta-kasuak ere aurkeztu ziren.

EEN Basqueren eredua kaskadako finantzaketa-deialdiak dituzten Europako proiektuak koordinatzen dituzten edo haietan parte hartzen duten euskal erakundeekiko lankidetzan oinarritzen da. Helburua da aukera horiek garaiz identifikatzea, euskal ETEei hurbiltzea eta parte hartzen duten erakundeekin harremanetan jartzea erraztea.

Europako finantzaketa-aukerak garaiz eskuratzea errazten duen ekimena
ETE askorentzat, Europako finantzaketa eskuratzeko oztopo nagusietako batzuk dira deialdi egokiak identifikatzea eta proposamen bat prestatzeko behar adina denbora izatea. Horregatik, EEN Basqueren ereduaren balio nagusia aurrea hartzeko aukera da. Horri esker, enpresek lau eta sei aste gehiago izaten dituzte eskaerak prestatzeko, deialdiak ireki aurretik.

Horretarako, EEN Basquek hiru jarduera-ildo ditu:

Identifikatzea: datozen kaskadako finantzaketa-deialdiak eta euskal enpresentzat garrantzitsuak diren Europako proiektuak.


Harremanetan jartzea: ETEak eta startupak deialdi horiek abiarazten dituzten Europako proiektuak koordinatzen dituzten edo haietan parte hartzen duten euskal erakundeekin.


Laguntzea: enpresei aukerak identifikatzen eta eskaerak prestatzen eta aurkezten laguntzea.


Hiru urtez martxan egon ondoren, lan-eredu horrek emaitza hauek izan ditu:

Kaskadako finantzaketako 70 proiektu baino gehiago identifikatu dira, eta horietako 42tan euskal erakundeek parte hartzen dute. Proiektu horiek, guztira, 184 milioi euro baino gehiago biltzen dituzte. Proiektu bakoitzak, batez beste, bi eta lau finantzaketa-deialdi artean abiarazten ditu.


79 euskal ETEk parte hartu dute EEN Basquek sustatutako deialdietan, eta horietatik 42k finantzaketa lortu dute, proiektu bakoitzeko 10.000 eta 200.000 euro arteko dirulaguntzekin.


% 46,5eko arrakasta-tasa izan dute aztertutako euskal proposamenek, % 15,8ko batez besteko orokorraren aldean.


Europako finantzaketa berrikuntza-proiektu zehatzetarako


Kaskadako finantzaketa, Cascade Funding edo Financial Support to Third Parties (FSTP) izenez ere ezaguna, mekanismo bat da, zeinaren bidez Europar Batasunak finantzatutako zenbait proiektuk beren aurrekontuaren zati bat enpresei eta beste erakunde batzuei bideratzen dieten deialdi irekien (Open Calls) bidez, proiektu horien helburuekin lotutako berrikuntza-jarduerak garatzeko.

Abantaila nagusien artean daude eskaera-prozedurak, oro har, Europako I+G+Bko proiektu handietakoak baino errazagoak izatea, gauzatzeko epe laburragoak izatea eta banaka edo bazkide gutxirekin parte hartzeko aukera, deialdi bakoitzaren baldintzen arabera.

Laguntzak, orientazio gisa, 30.000 eta 250.000 euro artekoak izan daitezke, 3 eta 18 hilabete arteko iraupena duten jarduketetarako. Laguntzak hainbat modalitate izan ditzake, dirulaguntzetatik eta zenbateko finkoetatik hasi eta esperimentaziorako bonuetara edo proiektuak finantzatutako zerbitzu eta azpiegituretarako sarbideraino.

Zer proiektuk lor dezakete finantzaketa?


Kaskadako finantzaketa-deialdiek aukerak eskaintzen dituzte enpresa-berrikuntzako hainbat jardueratarako, besteak beste:

Teknologia eta prozesu berriak txertatzea produktuetan, zerbitzuetan edo enpresa-jardueretan.
Proiektu pilotuak eta erakusleak garatzea, irtenbide berritzaileak ingurune errealetan probatzeko.
Prototipoak baliozkotzea, produkzioko baldintzetatik hurbil dauden baldintzetan.
Funtzionalitate eta aplikazio berriak garatzea, Europako proiektuen teknologietatik eta emaitzetatik abiatuta.
Aukera horiek, batez ere, Europako Horizontea eta Europa Digitala bezalako programetatik datoz, besteak beste, adimen artifizialaren, robotikaren, fabrikazio aurreratuaren, zibersegurtasunaren, datuen, ekonomia zirkularraren, energiaren eta nekazaritzako elikagaien arloetan.

Finantzaketa edo zerbitzuak jasotzeaz gain, deialdi horietan parte hartzeak Europako erakunde teknologikoekin harremanak ezartzeko eta nazioarteko I+G+Bko proiektuetan esperientzia eskuratzeko aukera ematen du.

Ikus informazio osoa (Iturria: SPRIren prentsa-webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea