Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak hezkuntzaren etorkizunari buruzko Europako elkarrizketa politiko batean parte hartu du gaur Bruselan, Europako Batzordeko, Europako Kontseiluko eta zenbait gobernutako ordezkariekin batera. “Hezkuntzari buruzko Europako elkarrizketa politikoa 2030erako atzera kontuan” izeneko topaketak erakundeetako arduradunak eta nazioarteko hezkuntza-erakundeetako ordezkariak bildu ditu, hezkuntza-sarbidearen eta -ekitatearen arloko erronkak eta datozen urteetan hezkuntza-sistemak bideratu beharko dituzten politikak aztertzeko.
Europako Batzordeko Nazioarteko Elkarteen Zuzendaritza Nagusiaren (DG INTPA) eta UNESCOren arteko elkarlanean antolatutako topaketa Hezkuntzaren Jarraipenari buruzko Mundu Txostena (GEM Report) 2026 Europan aurkezteko egin da. Pedrosa sailburua Euskal Autonomia Erkidegoak hezkuntzarako sarbidea, ekitatea eta aukera-berdintasuna sustatzeko politiketan duen esperientzia partekatzera gonbidatu dute.
BOZAR Arte Ederren Zentroan egindako topaketan, hezkuntza-sarbidean zer desberdintasun dauden eta zer aurrerapen egin diren aztertu da —azken 25 urteetako datuetan eta esperientzietan oinarrituta—, baita ebidentzia horrek hezkuntza-politikak eta -inbertsioak nola bidera ditzakeen ere. Eztabaida biltzen da Garapen Jasangarrirako 4. Helbururantz aurrera egiteko —helburu horrek hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatekoa bermatzea du ardatz— eta hezkuntza-lehentasunak 2030etik aurrera zehazten laguntzeko lanen barruan.
Jardunaldian parte hartu dute, besteak beste, Martin Seychell Europako Batzordeko Nazioarteko Elkarteen Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusiaren albokoak, Torerayi Moyo Zimbabweko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ministroak, Boli Kostako Hezkuntza Ministerioko ordezkariek, Hezkuntzaren Nazioarteko Erakundeak eta NORRAGeko ordezkariek.
HEZKUNTZAREN ESKURAGARRITASUNARI ETA EKITATEARI BURUZKO EUROPAKO EZTABAIDA
Begoña Pedrosak Europako hezkuntzaren eskuragarritasunari eta ekitateari berariaz eskainitako mahaian parte hartu du, Antoaneta Angelova-Krasteva Europako Batzordeko ordezkariarekin, Jonas Erin Europako Kontseiluko hezkuntza-politiken aholkulari nagusiarekin, Patrizia Jankovic Austriako Hezkuntza Ministerio Federaleko ordezkariarekin, Maurice De Greef Helduen Hezkuntzako UNESCO Katedrako titularrarekin eta Panagiotis Chatzimichail OBESSU bigarren hezkuntzako ikasleen Europako erakundeko ordezkariarekin batera.
Manos Antoninis GEM txostenaren zuzendariak moderatu duen eztabaidan aztergai izan dira hezkuntzarako sarbide ekitatiboa zabaltzeko azken 25 urteetako esperientziak eta Europako hezkuntza-sistemek aurre egin beharreko erronkak.
HEZKUNTZA INKLUSIBOA, AUKERA-BERDINTASUNA ETA LANBIDE HEZIKETA
Sailburuak Euskadik hezkuntza inklusiboaren eta aukera-berdintasunaren arloan duen esperientzia partekatu du, ikasleen aniztasuna gero eta handiagoa den eta hezkuntza- eta gizarte-premiak askotarikoak diren testuinguru batean.
Pedrosak arreta pertsonalizatuaren, hezkuntza-orientazioaren eta ikasteko zailtasunak goiz detektatzearen garrantzia azpimarratu du, baita ikasle bakoitzaren inguruabarretara egokitutako erantzunak hezkuntza-ibilbide osoan eskaintzeko beharra ere.
Testuinguru horretan, Lanbide Heziketak ikasketen jarraipena eta enplegurako trantsizioa errazteko betetzen duen zeregina ere izan du aztergai, bereziki prestakuntza osatzeko zailtasun handienak dituztenen artean. Pedrosak azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako sistemak zenbait ibilbide eskaintzen dituela, besteak beste, Hasierako Lanbide Heziketa, ibilbide egokituak, integratuak eta malguak hartzen dituena aintzat, orientazio pertsonalizatuarekin eta gizarte- eta hezkuntza-laguntzarekin batera.
Lanbide Heziketa Duala eta enpresekin elkarlanean aritzea ere izan ditu aztergai, ikastetxeetan ikastea eta lan-inguruneetako prestakuntza uztartzea ahalbidetzen baitute. Era berean, lanbide-gaitasunak pixkanaka eskuratzea eta egiaztatzea errazten duen modulu-eskaintza baten bidez garatzen den bizialdi osoko ikaskuntzaren aukerak jorratu ditu.
Ildo horretan, Pedrosak aditzera eman du hezkuntzak ikasleen inguruabarrak eta premiak aintzat hartuko dituzten erantzunak eman beharko dituela. “Hezkuntzak aukerak eskaini behar dizkie pertsona guztiei, haien egoera pertsonala edo soziala edozein izanik ere. Horretarako, funtsezkoa da lehen etapetatik detektatzea zailtasunak eta ikasten jarraitzeko, kualifikazioa lortzeko eta enplegua lortzeko zenbait ibilbide izatea. Lanbide Heziketak zeregin garrantzitsua betetzen du ibilbide horretan, batik bat laguntza handiagoa behar dutenentzat”, adierazi du.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
REVIE – Europako gaurkotasuneko beste eduki batzuetarako sarbidea






