Euskadik helarazitako jarrerak jarraipena ematen dio azken egunotan Europako Batzordeko Enplegurako, Gizarte Gaietarako eta Gizarteratzeko Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin egindako lan instituzionalari. Izatez, Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzak sustatu eta koordinatu duen eta Itziar Fernándezek zuzendu duen bilera-agendaren barruan egindako lan instituzional horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte-kohesioaren, enpleguaren, inklusioaren eta lurralde-garapenaren arloetan dituen lehentasunak helarazi ditu.
Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren zuzendariak kohesio-politika “moderno eta deszentralizatua” defendatu du, “maila anitzeko gobernantza izango duena eta benetako arkitektura inklusiboa izango duena, betiere Urte Anitzeko Finantza Esparru berriaren ezarpenean legegintza-eskumen propioak dituzten eskualdeen funtsezko zeregina aitortuta”.
Jarrera horrekin, Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko finantzaketa-esparruaren eta 2027tik aurrerako Europako programen diseinuan modu aktiboan parte hartzeko duen konpromisoa berretsi du, eta Euskadiri dagokion eskualde-kapitulua zehaztu eta egikaritzean erabakitzeko benetako ahalmena eskatu du.
“Ildo horretan, Europako erakundeei gure proposamenak helarazi dizkiegu, beste eskualde batzuekin lan egin dugu eta anbizio estrategikoa, lurralde-kohesioa eta maila anitzeko gobernantza uztartuko dituen Europaren ikuspegia defendatu dugu”, adierazi du Itziar Fernandezek.
Era berean, zuzendariak nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoko EGF+ Programa behar bezala egiten ari dela aurrera kalitatezko enplegua lortu eta hura mantentzen laguntzeko helburuan eta desgaitasuna duten pertsonen eta pobrezia- edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko helburuan.
Euskadiko solaskide ekonomiko eta sozialek, EGF+ 2021-2027 programaren entitate onuradunen ordezkariek eta Lanbide, Emakunde eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko ordezkariek osatutako Jarraipen Batzordean, Euskadiko EGF+ 2021-2027 programaren bidez kofinantzatutako proiektuen betetze-mailan izandako aurrerapenak partekatu dira, behin tarteko berrikuspena egin ondoren. Egindako azterketak egiaztatu du adierazleek bilakaera positiboa izan dutela, baita aurreikusitako jarduketen garapenak ere.
Erronka partekatuak
Batzorde horrek, gainera, jarraipena eman dio Europako ordezkaritzak Euskadira egindako bisita instituzionalean izandako informazio-trukeari. Gainera, Europako eskualdeek partekatzen dituzten erronkei erantzute aldera —hala nola kalitatezko enpleguarekin, gizarteratzearekin, aukera-berdintasunarekin, talentu-eskuragarritasunarekin edo erronka demografikoarekin lotzen diren erronkei—, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen politikei buruzko elkar ezagutzan sakondu du.
Euskadin egindako egonaldiaren barruan, Europako Batzordeko ordezkariek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Europako Gizarte Funtsak Plus (EGF+) funtsen bidez finantzatutako zenbait proiektu. Ordezkaritzak Agiantza eta Gaztaroa entitateek, Sendotu Aldiberean 2024-2027 proiektuaren barruan, Bilboko San Frantzisko auzoan garatutako ekimenak bisitatu ditu.
Ibilbide horretan, bertaratutakoek ezagutu dituzte egoera zaurgarrian dauden pertsonei zuzendutako orientazio, prestakuntza, laguntza eta gizarteratze eta laneratzearen arloko esperientziak, baita entitate sozialek eta inguruko eragileek pertsona horientzat gizarteratze- eta enplegu-aukerak sortzeko garatu dituzten lankidetza-ereduak ere. Bisitari esker, bertatik bertara egiaztatu ahal izan dute Europako funtsek zernolako eragina duten pertsonen bizi-baldintzen hobekuntzan eta auzoetako gizarte-kohesioaren sendotzean.
Jardunaldia amaitzeko, politika horien balioari buruzko hausnarketa- eta hedapen-ekimen berriak izan dira aztergai. Ildo horretan, datorren abenduaren 16an “Sendotu-Aldiberean ibilbideak. Gizarte inklusiboagorako aukerak eraikitzen” jardunaldia egingo da Bilboko Itsasmuseumean, egoera zaurgarrienean dauden pertsonen inklusio pertsonalaren, gizarteratzearen eta laneratzearen erronkei heltzera begira.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Euskadi.eus webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea






