Imanol Pradales: “Urteak daramatzagu ekimen hau sustatzen; etorkizuneko Estrategia definitzen eta hartuko diren erabakietan zuzenean parte hartzen jarraitu behar dugu”
Egutegiko hurrengo data garrantzitsua 2027ko ekaina izango da, Europako Batzordeak orduan aurkeztu beharko baitu EBren Atlantikorako Makroeskualdearen Estrategia
“Gaur oso egun garrantzitsua da Euskadirentzat. Zortzi urteko lan biziaren ondoren, eta pertsona askok ekimen hau aurrera ateratzeko norabide berean arraun egin ostean, gaur Makroeskualde Atlantikoaren aldeko irizpena onartuko da. Horri esker, Atlantikoko lurraldeen arteko harremanak hobetu eta lankidetza indartu ahal izango dira, Europan eta munduan ardatz atlantikoa sendoago egiteko. Euskadiren lidergoa funtsezkoa izan da horretarako”.
Eskualdeetako Europako Batzordearen osoko bilkuran, Imanol Pradales Lehendakariak gaur Bruselatik aldarrikatu du Euskadi bezalako estaturik gabeko nazioek “betekizun argia” izan behar dutela etorkizuneko Makroeskualde Atlantikoa bezalako ekimenak garatzeko erabakiak hartzean. “Urteak daramatzagu ekimen hau sustatzen, eta etorkizuneko Estrategia definitzen eta hartutako erabakietan zuzenean parte hartzen jarraitu behar dugu. Jakina, estatu kideekin eta Europako erakundeekin batera” adierazi du, eta eragile ekonomiko eta sozialen inplikazioa eskatu du Makroeskualde Atlantikoa “benetako arrakasta” izan dadin.
Imanol Pradalesek Eskualdeen Europako Batzordearen osoko bilkuran parte hartu du, eta Kata Tüttő batzordeko presidentearekin batera bertaratu da, aurretik biek bilera egin ondoren. Bilera horretan Batzorde horrek Europar Batasuneko tokiko eta eskualdeetako agintarien ordezkaritza instituzionalerako espazio gisa duen betekizuna eta ekimen atlantikoaren aurrerapena izan dituzte aztergai, besteak beste.
Lehendakariak nabarmendu du Europako Batzorde horren lana ahalegin kolektiboaren emaitza dela, eta bertan parte hartzen dutenek Makroeskualdea bultzatuz Europa indartsuago bat eraikitzeko duten konpromiso sendoa islatzen duela. Lehendakariak adierazi duenez, erabaki partekatu horren aurrez aurre Europako balioak desafiatzen dituzten “gero eta ahots indartsuagoak” daude, eta “zubiak eraiki ordez, hormak eraikitzen dituztela ikusten dugu”, esan du. “Gaur, ekimen honen bidez, erakusten ari gara badela beste bide bat: elkarrizketan, elkar ulertzean eta puntu komunak bilatzean oinarritutako bide bat. Ez daukagu inolako zalantzarik Europa dela gure Herriaren etorkizuna”, adierazi du.
Lehendakariak gogoratu duenez, eremu atlantikoak garrantzi handiko aktiboak ditu, hala nola industria lehiakorra, portu estrategikoak, energia-baliabideak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak, eta, jakina, garrantzitsua dena: pertsonak.
Eta aktibo horiek, aldi berean, hainbat erronka partekatzen dituzte, besteak beste, konektibitatean eta lehiakortasunean, energia-trantsizioan, klima-aldaketan, desafio demografikoan eta migrazio-krisian. “Ikasi dugunak erakusten digu erronka horietako askok gure mugak gainditzen dituztela eta erantzun partekatuak eskatzen dituztela. Ikuspegi bateratu hori behar-beharrezkoa da gure jarduerak hobeto koordinatzeko, gure lurraldeen arteko bateragarritasunak efizientzia handiagoz erabiltzeko eta eremu atlantikoan dauden ekimenei koherentzia handiagoa emateko”, adierazi du.
Bere hitzaldiari amaiera emateko, Imanol Pradalesek Europako Batzordeko eztabaida eskertu du, erakusten baitu “lankidetza indartzen jarraitzeko eta gure erronka komunei elkarrekin aurre egiteko aukera emango digun esparru bat ezartzeko erabaki argia dugula”.
Bilera Raffaele Fitorekin
Lehendakariaren agenda Raffaele Fitorekin, Kohesio eta Erreformen Europako Batzordeko lehendakariorde exekutiboarekin, egindako bilerarekin hasi da. Bilera horretan 2028-2034 aldirako Europar Batasunaren Urte Anitzeko Finantza Esparruko kohesio-politikaz hitz egin dute, bai eta Europako etorkizuneko politikak konfiguratzean benetako lurralde-dimentsioa zaintzeko beharraz ere.
Imanol Pradalesek kohesio-politika sendoa defendatu du, lurralde bakoitzaren beharretara eta potentzialtasunetara egokitua eta eskualdeko agintariek programak diseinatzean, gauzatzean eta ebaluatzean modu eraginkorrean parte hartzean oinarritua. Lehendakariak, halaber, etorkizuneko Makroeskualde Atlantikoa eskualdeen arteko lankidetzarako Europako tresnekin lotzearen garrantzia azaldu du, helburuak eta lehentasunak lurraldeentzako proiektu zehatz bihur daitezen.
“Garrantzitsua da Bruselan egotea eta Euskadiren agendari eragiten dioten erabakiak hartzen diren mahaietan parte hartzea. Datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira Europan. Euskadik eta euskal nazioa bezalako errealitate nazionalek Europako politikak elkarrekin erabakitzeko eta diseinatzeko gaitasuna izan behar dute”, adierazi du Lehendakariak, NPBari, kohesio-funtsei edo lehiakortasun-funtsei erreferentzia eginez
Data garrantzitsua: 2027ko ekaina
Gaur goizean egindako osoko bilkuraren ostean, egutegiko hurrengo data garrantzitsua 2027ko ekaina izango da, Europako Batzordeak orduan aurkeztu beharko baitu EBren Atlantikorako Makroeskualdearen Estrategia. Une horretatik aurrera, ekintza-plan bat prestatzen eta Makroeskualde Atlantikoa abian jartzen egingo da aurrera, Idazkaritza Tekniko bat sortzea barne dela.
Fase berri horretan, funtsezkoa izango da gobernu-maila guztien eta lurralde-eragileen parte-hartzea, benetakoa eta orekatua, bermatuko duen gobernantza-eredu bat definitzea, bai eta Makroeskualde Atlantikoa etorkizuneko Itsas Estrategia Atlantikoarekin uztartzeko modua ezartzea ere. Erronka izango da metatutako bultzada politikoa eta lurraldeen bultzada tresna operatibo bihurtzea, orain dagoen lankidetzari balio erantsia emateko, bikoiztasunak saihesteko eta fatxada atlantikoaren lehentasunak jarduera zehatz bihurtzea ahalbidetzeko.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea






